Nor gara

Iradoki 2009 erdialdera sortu genuen Donostian. Webaren inguruko kooperatiba txikia gara, hedabide honen bitartezko komunikazio osoa kudeatzera zuzendutakoa.

Sareko presentzia eta komunikazioa fase guztietan lantzen ditugu, estrategia planteatzetik azterketa eta analitikara arte. Prozesu honetan zehar, marka, enpresa, erakunde nahiz pertsonen presentzia aktiboa zein pasiboa aztertzen dugu, webguneak garatzen eta ezartzen, sare sozialetan ekintza koordinatuak gauzatzen eta analitika-txostenak zerbitzua hobetze aldera bideratzen ditugu. Gai hauei buruzko formakuntza ere eskaintzen dugu.

Miren Berasategi Zeberio

Giza Zientziak: Komunikazioan lizentziatua Deustuko Unibertsitatean eta Sociedad de la Información y el Conocimiento masterra burututa Universitat Oberta de Catalunyan. 2004tik Deustuko Unibertsitateko Giza Zientzien Fakultateko komunikazio grafikoko eta teknologia berrietako irakasgaietako irakasle naiz, eta Fakultateko webgunearen arduradun izan naiz. Era berean, Fakultateak sareko komunikazioa bizkortzeko egindako ahaleginaren barnean Estudios en Comunicaciónen sortzaile naiz. Diariovasco.com-en lanean aritu naiz, webguneetako eta sare sozialetako analitikaren arduradun.

Sarearekin lotutako guztiak liluratu egiten nau, azken aroko (eta datozen aroetako) alderdi sozialetik hasi eta webguneetarako diseinua eta maketaziora arte, alor teknikoagoak ahaztu gabe (zerbitzarien kudeaketa, adibidez). Letratakoa izaki, webguneetako analitikaren bitartez estatistika eta zenbakien edertasuna estimatzen ikasten hasia naiz. Aisiari begira, beti daramatzat liburu bat eta argazki-kamara gainean; nahi baino argazki gutxiago atera eta liburu gutxiago irakurtzen dut ordea.

Mikel Madina Ugartemendia

Euskal Filologia lizentziatua Deustuko Unibertsitatean. Deustuko Unibertsitateko Giza Zientzien Fakultateko irakasle 1997tik, Euskal Filologian lehenik eta Giza Zientziak: Komunikazioan ondoren, 2008 urtera arte. Urte hauetan informazioko teknologiekin eta hauen erabilera komunikatiboekin zerikusia duten hainbat irakasgairen arduradun izan naiz; halaber, Fakultateko baliabide teknologikoen kudeaketaren arduradun izan naiz: informatika-gelak, irrati-gelak, bideoa editatzeko gelak… 2008 urtetik web bidezko komunikazioaren inguruko modulua ematen dut “EiTB-Deusto” Master Ofiziala Enpresa, Erakunde eta Ikus-Entzunezko Komunikazioaz. Arista Interactivan ere lan egin dut, informazio-arkitekto gisa.

Autodidakta neurri handi batean, mota guztietako web-zerbitzuak ezagutu eta euren komunikaziorako ahalmenak begiztatzea dut gustoko, maila edozein dela: norbanakoarena, talde txikietarako, talde handietarako…